Ezagutzak eskuratu
03 Kooperatibak
Ikusi dugun moduan, gizarte-ekonomiako erakunde esanguratsuenak kooperatibak dira, lehen aldiz Aro Garaikidean hainbat beharrizan sozialei erantzuteko sortuak. Orain, kooperatiben ezaugarri garrantzitsuenak aztertuko dituzue binaka. Erantzunak bakoitzaren Gogoeta-kaierean idatzi.
Azter ezazue kooperatibek gizarte-ekonomia barruan duten lekua.
Zerrendatu kooperatiben ezaugarriak emandako informazioan oinarrituta.
Adierazi gizarte-ekonomiako zer oinarri agertzen diren bertan.
info KOOPERATIBA BAT ZER DEN
Jabetza guztiena den eta modu demokratikoan kontrolatuta dagoen enpresa baten bitartez, beraien beharrizan eta helburu ekonomiko, sozial eta kulturalak asetzeko, borondatez elkartzen diren pertsonen arteko elkarte autonomoa da.
Datuak
Kooperatibak dira Gizarte-ekonomia barnean pisu handiena duen familia. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2018n gizarte-ekonomiaren lanpostu guztien % 88,1 osatzen dute, EAEko lanpostu guztien % 5,7 (industria lanpostuen % 11).
KOOPERATIBEN ENPLEGUAREN ARLOZ-ARLOKO EGITURA 2018 | ||
---|---|---|
zifra absolutua | % | |
Lehen sektorea | 176 | 0,3 |
Industria | 22.049 | 41,3 |
Eraikuntza | 1.398 | 2,6 |
Zerbitzuak | 29.767 | 55,8 |
GUZTIRA | 53.390 | 100 |
Datuak, Gizarte-ekonomia estatistika 2018 eta aurrerapena 2019, Eusko Jaurlaritza
Kooperatibismoa ezagutzen CSCE-EKGK
fact_checkGehiago jakiteko: Kooperatiben ezaugarriak, balioak eta eta antolaketaUmezaintza kooperatibaren sorrera eta historia
Lotu printzipio kooperatiboak eta haien definizioak.

PRINTZIPIO KOOPERATIBOAK
- Borondatezko atxikimendu irekia
- Bazkideen kudeaketa demokratikoa
- Bazkideen partaidetza ekonomikoa
- Autonomia eta independentzia
- Hezkuntza, prestakuntza eta informazioa
- Kooperatiben arteko elkarlana
- Komunitatearekiko interesa
- Berdintasuna
DEFINIZIOAK
- Bazkideek betebeharrak eta eskubideak bete ditzakete soilik informatuta baldin badaude, komunikazio eraginkorra baldin badago haien, zuzendarien eta langileen artean eta prestakuntza egokia jaso baldin badute.
- Bazkideek ekonomikoki parte hartzen dute enpresan: kapital bat jarri behar dute bazkide egitean, eta, kooperatibak soberakinak baldin baditu, soberakin horiek neurri berean banatzen dira bazkideen artean.
- Bazkideek kontrol demokratikoa dute, eta denen artean hartzen dituzte erabakiak. Bazkideek konpromisoak eta betebeharrak onartzen dituzte.
- Kooperatibek konpromisoa dute haien inguruarekiko eta gizartearekiko; gizarte-onura sortu eta garapen jasangarria sustatzen dute.
- Kooperatibek beste erakunde askorekin egin dezakete lan eta sina ditzakete akordioak, baina, une oro, kooperatibako bazkideek izango dute haren kontrol demokratikoa.
- Kooperatibek elkarlanean jarduten dute, kooperatiben artean federazio edo taldeak osatuz edo beharrizanak dituztenei lagunduz.
- Pertsonak aske dira kooperatibarekin bat egiteko eta kooperatiba uzteko. Printzipio horrek pertsona jartzen du gauza guztien gainetik. Beraz, edonor izan daiteke kooperatiba bateko bazkide.
- Beste printzipioetatik eratortzen den printzipioa: bazkide guztiak berdinak direnez (sexua, generoa, jatorria… edozein dela), bazkide guztien arteko berdintasuna bermatu behar da (gizon eta emakumeen berdintasuna lanpostu kopuruan, arduraren araberako lanpostu kopuruan, soldatetan… ).
Iturria: Nazioarteko Kooperatiba Aliantza, https://ica.coop, 2018, egokituta testua
Ikusi ezazue Patxikoop kooperatibari buruzko bideoa, eta identifikatu bertan agertzen diren kooperatiben printzipioak.
Patxi Koop. Sorrera eta lantaldea
Azken zeregin hau taldeka egingo duzue. Hautatu kooperatiba bat eta aztertu kooperatiba horretan zein printzipio kooperatibo gauzatzen diren eta zer antolaketa duen. Erantzunekin osatu printzipioen eta antolaketaren taulak. Horretarako bi aukera dituzue:
Inguruko kooperatiba bat bisitatu eta elkarrizketa baten bidez informazioa jaso.
Kooperatiba baten webgunea arakatu. Kooperatibak errazago bilatzeko hemen duzue webgune aproposa.
*Behar baduzue, berrikusi Kooperatibaren ezaugarrien informazioa.